EUSKADI INFORMACIÓN

      Erakunde armatuaren agiria, hitzez-hitz

      Euskadi Ta Askatasunak, agiri honen bidez gure herriak bizi duen egoera eta une historikoari buruz egiten duen irakurketa eta ondorioz hartu duen erabakiaren berri helarazi nahi dio euskal gizarteari.

      Bi hamarkada luzeren ondoren, berriro ere, Euskal Herrian independentziaren bidean urrats erabakiorra egiteko aukera zabalik dugu. Duela hogei urte, &laqno;transizio» garai horietan, bizi izandako urte korapilatsuetan izan genuen aukeraren parekoa dugulakoan gaude. Baina oraingoan, aurrean dugun fase politikoa subiranotasunarena izatea erdietsi behar dugu. Garai hartan galdutako aukera oraingoan egia bihurtuz.

      ETAk esperantzaz beterik ekiten dio fase politiko berri honi. Esperantzaz beterik, batez ere garai hartan egindako erruak irakaspen ederra izango direlakoan baikaude; eta esperantzaz beterik ere, ordutik hona metatutako lan, esperientzia eta indarrek fase politiko berri hau arrakastatsu izateko aski berme ematen digutela uste baitugu.

      Aukera berri bat izateak, eta aukera horri esperantzaz beterik ekiteak ez gaitu ordea itsutu behar. Ez ditugu begiak itsi behar Euskal Herriak pairatzen duen egoeraren aurrean. Larria baita gure herriak bizi duen egoera edonondik begiratuta ere. Bi Estatu indartsuren menpeko gara euskal herritarrok. Estatu bi horiek beren tresneria guztia, armatua, politikoa, ekonomikoa eta kulturala erabiltzen aritu dira Euskal Herriak etorkizunean herri aske izateko zituen baliabideak xehatzeko. Espainia eta Frantziaren ekimen setatsu horrek zauri gordinak utzi ditu, beraz. Eta ez da erraza izango gure askatasuna eskuratzea. Auzoko izanik ere etsaitzat eta menpean hartzeko gizartetzat hartzen gaituzten Estatuen aldetik modu baketsuan Euskal Herriaren hitza errespetatzeko borondate keinu txikiena ere ez baita ageri.

      Eraso eta zailtasun guztien artetik, bizitzeko esperantzak ematen duen borrokaren grinak gidaturik Euskal Herria XXI. mendearen atarira iritsi da. Ez herri aske gisa, baina bai, herri aske izateko aukera guztiak zabalik ditugula. Orain arte geureari eusteko adinakoak bagarela erakutsi diogu munduari. Aurrerantzean geure etxea geuk hautatu moduz atontzeko aski behar, eskubide, borondate eta abilezia dugula erakuts diezaiogun bada.

      Aurrerago jo aitzin garrantzitsu oso deritzogu bi galdera egin eta horiek erantzuteari. Batetik, nolatan iritsi den Euskal Herria 2000. urtearen atarira herri aske izateko aukera zabalik duela? Eta bestetik, zergatik ez den Euskal Herria oraino aske 200. urtearen atarian?

      Lehen galderak erantzun azkarra du. Azkarra eta ohorez beterikoa gainera. Historia zaharreko euskal herritarren ahalegina ezertarako baztertu edota ahantzi barik, azken hogei urteoi dagokienez, milaka eta milaka euskal gizon eta emakume adoretsuren eskaintza bihotz zabalekoari esker gaude gure askatasuna erdiesteko atari berri baten aurrean.

      Egia horrek presentzia bizi-bizia du Euskadi Ta Askatasuna erakundean ari garen burkideon bihotz eta buruetan. Etsaien eraso armatuaren ondorioz hildako burkide eta herritarren eskaintzarik gabe; kaserna eta komisarietan tortura latza eta umilazio etengabea jasan duten burkide eta herritarren sufrimendurik gabe; eguneroko lan isil, arriskutsu eta konprometituetan gure kultura, hizkuntza, ekonomi-sarea, gizarte ohituren alde, indarrean dauden lege espainol zein frantses atzerritarrei muzin eginez eta ohikeriaren atzaparrei ihes eginez aritu diren eta ari diren burkide eta herritarren ahaleginik gabe; milaka eta milaka urtetako espetxe zigorraren zama bizkarrean dutela duintasun erabatekoz kartzeletako ziegetatik Euskal Herriaren etorkizunerako bidea argitzen aritu diren eta ari diren burkide eta herritar apalen eusteko ahalmenik gabe ere ez geundeke gauden lekuan.

      Herritar horientzat guztientzat doa gure ohorezko oroimena une hauetan, etorkizun aske baten bidea ixten zuen ate erraldoiaren sarraila ugariak etengabe irekitzen aritu direlako baikaude berriro ere une esperantzagarri eta historiko baten aurrean. Horiek guztiek beren biziko konpromisorik hartu ez balute aspaldi egina zuen eta Euskal Herriarenak!

      Bigarren galderak, aldiz, erantzun ozpindua behar du. Orain bizi dugunaren gisako une garrantzitsuetan norberak zer egin duen aztertzea eskatzen baitu. Urte hauetan guztietan aurreratu duguna ez ezik, aurreratu genezakeena ere kontuan hartzea. Ezker abertzaleak duela hogei urte proposatu bideak, hau da euskal demokrazian aurrera egitearenak ez zuen adostasunik lortu. Eta ondorioz bi bidetan barrena zatikatu zen abertzaleon mundua: Espainiak inposatu zigun legedia &laqno;de facto» onartzetik abiatzen zena, bata; eta inposaketa horri aurre egiteko Herri batek bere burua defendatzeko dituen tresna guztiak zilegitzat joz Espainiarekiko haustura eskatzen zuen bidea, bestea.

      Lehen bide horrek, autonomismo konstituzionalarenak, Francoren diktadurapetik ateratzear zegoen Euskal Herriaren barne-zatiketa areagotzea ekarri du. Lehendik bi Estaturen menpe bageunden, geroztik, zatiketa autonomikoa gehitu zaigu. Eta eskuratu ditugun guztiak borroken ondorioz edota borrokak apaltzeko amarru gisa eskuratu ditugu. Lehen bide horrek gero eta &laqno;espainiarrago» eta &laqno;frantziarrago» eraman du Euskal Herria, Madrila eta Parisa begira bizitzera kondenatuz. Geuk geure kabuz erabaki ordez atzerritarren baimena eskatzera behartu gaitu, eta geurean uzkur ziren espainiarzaleak harrotzera. Euskal Herrian bertan barne-muga berriak sendotzera, euskal herritarrak beren artean aldenaraziz, eta batzuk, zipaioen kasua aipatzearren, espainiar legedia onartuz eta babestuz beste herritar batzuen aurka aritzera eramanez.

      Bigarren bidean abiatu ginenok geure ezintasun eta erru guztien gainetik, Euskal Herri batu, aske eta euskaldun baten proiektua mantendu dugu bizirik, herritarron lanerako eta sortzerako ahalmenean konfiatza eginez, zatiketa instituzional eta estatuzkoak gainditzearen alde lan egin dugu, gure Herrira justizian eta eskubide demokratikoetan oinarritutako bakea ekartzearren. Horrela, Euskal Herrian berezko gizarte proiektu bat sortzearen aldeko apostuak bere fruituak eman ditu. Bat oraintxe aipatu nahi duguna, autonomismo zatikatzaile horren antzutasun eta itsutasuna erakustearena. Eta ez da gutxi, autonomismoa Euskal Herriaren hilobia izan zedin Espainiak egin duen ahalegin erraldoia kontuan hartuz.

      Autonomismo zatikatzailearen bidean gogotsu eta borondate onez abiatu zirenak ohartu berri dira mailaz maila igo behar zela mailadi horretan ez gora ez behera geratzeaz gainera, mailadi horrek Euskal Herriaren askatasunera ez daramala. Euskal Herriaren aldeko apustu erabatekoa egina dugunok, gure aldetik, prest gaude iragan hurbil hori gainditu eta ilusioz beterik proiektu berri batean elkarrekin aurrera egiteko.

      Zergatik gaude aukera berri baten aurrean?

      Hemen dugu bada Euskal Herria bere etorkizunaren atarian berriro ere. Baina ez ote da borondatekeria hutsa egoera &laqno;berri» baten atarian gaudela uste izatea? Euskadi Ta Askatasunak, bizi dugun egoeraren berrikuntza nagusia ongi hausnartu ondoren hartua duen erabakiaren oinarrian dagoen azterketa eskaintzen du ondoko lerroetan:

      Alde batetik, urteotako borrokari esker, gizarte sail berriak independentziaren aukerara hurbildu dira. Nagusiki, azken sei urteotan ezagutu den garapena azpimarratu beharra dagoela uste dugu. Erresistentzia jarreratik eraikuntza praktika batera igaro baikara. Nabarmenarazi nahi dugu, bizi dugun &laqno;egoera hobe» honen iturria ezker abertzaleko kide anitzen bihotz zabaltasunean eta gizartean txertaturik aurrera daraman borroka antolatuan dagoela. Geure borrokaren azken helburuak erdiesteko bidean, azken urteotan burututakoa egin behar den guztiaren urrats txiki berri bat da. Ez dezala nehork pentsa zereginak, lan moldeak eta besteak ere hobetu behar ez direnik. Baina on egiten du noizean behin, laudorio eta lausengak hain gutxi maiten dituen Ezker abertzaleak bere buruari aitor diezaion egindako lanak merezi zuela eta bide onean abiarazia dugula askapen borroka.

      Bestetik, egoera aldakor honetan zeresan nagusia du &laqno;KAS Alternatiba» zahartuaren lekua hartu duen &laqno;Alternatiba Demokratikoa» gizarteratu izana. Bake proposamen berri horren bidez, oinarri-oinarrizko kontzeptu eraginkor bat hedatu da hiru urteotan, Herriari hitza ematearen beharra, Herriak hitza berreskuratu eta hitz hori errespetatzea. Gai izan gara berriro ere, Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkaren muina politikoa dela gizarteratzeko. Agintaritza espainiar eta frantsesaren zilegitasun &laqno;demokratikoa» kolokan jartzeaz gain, kontzeptu positibo bat landatu dugu geure baratzean, euskal demokraziarena. Gatazka gainditzeko edozein demokratak defendatu beharreko gutxiengo demokratikoak (Autodeterminazioa eta Lurraldetasuna) finkatu dira, egoera demokratikoa eskuratuz gero, norberak bere proiektua garatzeko baldintza berdintsuagotan aritzeko aukera zabalduz. Eta ezker abertzaleak bere berezko proiektu politiko eta soziala garatzeko bidea libratu du.

      Egoera berri honetan nabarmentzen dugun ondorengo aldaketa, mendean hartzen gaituzten bi Estatuek askatasunaren bidean oztopo gisa inposatutako egitura instituzional zatikatzaileen porrota da. Euskal Herrian indarrean dagoen marko instituzionala agortua dago. Indar espainiar eta frantses inperialistak bilakatu dira gaur egungo &laqno;status quo» instituzionalaren defendatzaile sutsu eta bakar. Moncloako Estatutuak, Nafar Foruaren Hobekuntzak eta Frantziapeko euskal lurraldeen ez ezagutzak ez dute euskal herritarren nahi eta beharrei eusteko adina eraginkortasunik. Orain, instituzio egitura horien potentzialitatea defendatu izan dutenek berek onartzen dute hortik ez dela Independentziarunzko biderik, horretan, ezker abertzaleak soilik defenditu izan duen azterketarekin bat eginez. Eta horregatik, lehen aldiz Euskal Herriarentzat konponbiderako bide bakar bat abian jartzeko atea zabaldu dugu.

      Agorpen instituzionalaren ondoan dugu azken hamar urteotan errealitate politiko eta soziala desitxuratzeko eta independentziaren aldeko proiektua suntsitzeko espainiarrek inposatu zuten &laqno;Paktuen politika»ren agorpena. Paktugintza horrek zerbait gehiago ematekotan sufrimendua luzatzea besterik ez du ekarriko Euskal Herrira.

      Aipatzen ari gara autonomismoaren alde apustu egin zutenak (EA eta PNV alderdi abertzaleak, ELA sindikatua eta abertzale zintzo ugarik) bide horren antzutasunaz jabetu direla. Oraingoan bide berri bati ekiteko borondatea agertu dute. Espainiarrekiko gurutz-bidetik ihes eginez eta Euskal Herriaren errepidean barrena abiatuz, ausartki Euskal Herriaren alde eginez, Espainiarekiko menpekotasun eta loturak hautsiz behingoan. Espainia/Frantzia edo Euskal Herria da hautagai dagoena. Eta hitzetan bederen Euskal Herriaren alde egitearen borondate argia agertzen da. Bidegurutze berri honetan, une historiko honek eskatzen duen ausardiaz eta koherentziaz jokatu behar dugu denok.

      Espainia eta Frantziako botere faktikoek ez dute Euskal Herriarentzat tarteko alternatiba politikorik. Ez bederen EA eta PNV bezalako alderdien kolaborazio berririk gabe. Atzo-gaurko &laqno;autonomismo zatikatzailea» eta biharko Autodeterminazio eta Lurraldetasunean oinarritutako Subiranotasunaren artean ez dago tarte berririk, ez baldin bada beste hogei urtez, esaterako, egiazko konponketa saihestuko lukeen sasi-eskaintza antzu berri bat asmatzen. Baina, esan bezala, horrek EA eta PNVren kolaborazio ezinbestekoa eskatzen du.

      "Europa" gune politiko, sozial eta ekonomiko gisa eraikitzen ari da, eta gai nagusien erabaki-gunea, Madril eta Paristik igaroz, zuzen-zuzenean menpean hartzen gaituzten estatu-egituretatik urrunduz doa. Eta independentzi proiektu eraginkorrik gabe, Euskal Herriak bizi duen menpekotasun eta desegituratzea gero eta larriagoa izanen da. Are gehiago mundu mailako kultur eta ekonomi &laqno;batasun» proiektu erraldoien aurreko alternatibarik eta tresna-sortzailerik gabe bagaude.

      Azkenik, iritzi nagusi bilakatu da Euskal Herrian gehiengoarena den bake nahia konponketa politiko zentzuzko batekin loturik etorriko dela. Bake nahia, konponketa beharra, elkarrizketa, negoziaketa, ETAren ekintzekin edo gabe, eguneroko hizpide dugu. Aldaketa ederra duela urte batzuetako &laqno;bake nahi aseptiko» harekiko. Euskal gizartean soluziobide politiko eta praktikoak eman beharko dituen bake-hitzartu baten gose eta egarria nagusitu da. Behar hori ez du soilik ETArekin ez &laqno;amaitzeak» sortu; batez ere, euskal gizarteak gatazkaren muin politikoa egunerokotasunean agertarazi, borroka desberdinak berpiztu eta Euskal Herriak jasaten duen erasoari &laqno;stop!» tinko eta duin bat jartzearen ondorio nagusia da.

      Egoera, hitz gutxitan laburbiltzekotan, honakoa dela esango genuke: Euskal Herrian bi proiektu nabarmen daudela, Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan sinesten duena bata, gizarte justoagoa, sustraituagoa posible dela eta horren alde borrokatu behar dela dioena; bestea, aldiz, duela mende luze batzuk España eta Frantziaren izenean hasitako integrazio, irenste eta deskulturizazio prozesuari jarraipena eman nahi diona, Euskal Herria munduaren nortasunik gabeko zati gisa ikusten duena. Hizkuntz eta irakaskuntza gatazka bat dago Euskal Herrian, bizitza ulertzeko modu bat, lan harremanen bidez eredu sozioekonomiko desberdin bat eraikitzeko nahia. Gatazka hori, betiko gatazka da, aldatu dena gatazka horretan urrats berriak egiteko aukera da, indar harremanak aldatzetik datorren egoera berria.

      Eta horixe da erronka une historiko honetan, nola jarri Euskal Herriaren proiektua guztion artean abian. Borondate eta argitasunik baldin badago beren buruak herri honen gidaritza politikorako jarri dituztenen aldetik, euskal gizartean bada aski indar eta ulermenik aurrera egiteko.

      Norantza egingo dute indarrek?

      Hemen dugu bada Euskal Herria bere etorkizunaren atarian berriro ere. Esperantzaz beterik, Euskal Herriak bizi duen egoera larriaz jabeturik eta kezka hundiz ere ikusten dugu bizi dugun une historiko hau. Galdera nagusi baten baiezko edo ezezko erantzunaren menpe baitago etorkizunaren ardatz nagusia.

      Norantza egingo dute indar abertzaleek oraingoan? Gure historia hurbilaren jabe izateak garamatza galdera kezkaz pausatzera. Hain zuzen ere, edo hain oker esan beharko genuke, duela hogei urte alderdien jarrerak Estatu espainiarraren aldera makurtu ziren. Garai hartako &laqno;ezpata soinu»en beldurraren aitzakitan, esan izan zaigunez, Moncloan eta Zarzuelan erabaki zen Euskal Herria gehiago zatitzea, berezko duen autodeterminatzeko eskubidea armez ukatzen jarraitzea, eta abar luze bat. Geroztik Ezker abertzaleak defendatu du koherentziaz eta larrutik pagatuz Euskal Herriaren subiranotasuna, beste indarrak gero eta Espainiarekiko sare sendoagoan erortzen ziren artean.

      Honetan ere baikortasunez begiratzen dugu etorkizuna. Hogei urteotako bidean bildutako fruituen eskasiak eta ustelak eta subiranotasunaren bidean jaso ditzakegunen distirak ez du eta alderik. Urte luzeak izan dira, baina azkenean pozgarria da bestek ere Independentzia eskuratzeko funtsezko urratsak zeintzu diren ohartzen direla ikustea. Etorkizuneko askatasuna beti izanen da oraingo menpekotasuna baino hobea.

      Horrek ez du esan nahi aurrean dugun bidea ez denik zaila eta arriskuz beterikoa izanen. Abertzale, ezkertiar eta demokrata guztiek zintzotasun eta duintasun erabatekoz erantzutea eskatzen digu aurrean dugun erronkak; are Espainia eta Frantziaren jarrera itsu eta itxia ikusiz.

      Gure nahi sakona da beraz, ez dadila berriro ere Ezker abertzalea bakarrik aritu guztion zeregin den horretan. Baina, hala balitz ere, guk aurrera eginen dugu orain arte bezainbesteko poz eta grinaz, milaka euskal herritar eta gudariek erakutsitako bideari jarraituz.

      Aurrean dugun erronka

      Esana dugu, agiri honen hasieran, aurrean dugun fase politikoaren erronka eta ezaugarri nagusia Euskal Herriak, bere osotasunean, muga autonomiko eta estatalak gaindituz, subiranotasuna eskuratuko duenekoa izan behar dela. Oinarria jartzea. Ez baikaude lehengo toki berean, ez goaz duela hogei urte galdutako aukera &laqno;berreskuratzera» soilik, baizik eta urrats garrantzitsuago bat egitera, etorkizuneko Euskal Herri horren zutoinak jarri behar ditugu, gure etxea non eraikiko den argi eta garbi zehaztea da dagokigun erronka. Ez baitago bi edo hiru Euskal Herri. Bakarra da, bere berezitasun eta errealitate ezberdinekin, linguistikoak, sozialak, ekonomikoak, are ohiturazkoak ere. Horixe baita herri bat!

      Abertzale, demokrata eta aurrerazale guztion artean errealitate desberdin horiek kontuan hartuz, Euskal Herri osoa bere baitan hartuko duen marko politiko berri baten eraikuntzan aitzindaritza lana egitea dagokigu. Eta lanbide pizgarri horretan Euskal Herri osoko gizarte eragile guztiek dute lekua, hitza eta zeregina.

      Subiranotasuna eskuratzea ez da ezkongarria Espainia eta Frantziaren sendotzea dakarren politikagintza interesatu eta partidistarekin. Amaitu behar dira deblauki Espainiarekiko kolaborazio gune eta itun guztiak, gure herria ekonomikoki menpeko mantentzen duten sekretuzko azpi-tratuak.

      Dugun lehen zeregina Euskal Herri gisa &laqno;pentsatzen» hastea da. Guztion artean. Eta gure herriaren zinezko egoera ekonomiko, linguistiko, kultural eta soziala zein den barneratzea. Eta ondotik, Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen proiektu orokorrak bultzatu, bai hizkuntza eskubideei dagokienez, bai lurralde antolaketari dagokionez, bai ekonomikoki garapen zein eskubide sozialen inguruan. Gutxieneko hitzarmenak eskuratu behar dituzte Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko indarrek.

      Eta hein berean, guztion zeregina izanen da proiektu horren etsai diren eta izaten jarraituko dutenei aurre egitea. Armen erabilera gaitzesten dutenek hain goraipatua duten eta hain gutxitan erabiltzen den gizarte jazarpenaren ordua da. Euskal Herriaren egoeraren aurrean begiak ezin itxi genituela genioen hasieran. Euskal Herrian &laqno;eszepzio egoera» bizi du gizartearen zati haundiak, opzio politiko zehatz baten aurka jotzearen aitzakitan Euskal Herriaren etorkizuna da baldintzatzen ari dena. Bultzatzen ari garen gisako proiektu adostu batek, Espainia eta Frantziaren aurkakotasunak eragingo dizkigun ondorioak ere elkarrekin batera jasatea ekarriko digu. Zalantzarik gabe. Horretarako ere ausardia beharko da. Ausardia beharko da atzerritar ditugun indar armatu oro gure herrian soberan daudela esatetik, horiek kanporatzeko egin beharreko lan haundi eta txiki guztiak nekagabe aurrera eramateko. Bada ordua, beraz, egiten dena, ongi edo gaizki, kritikatzetik, egiten ez denaz jabetu eta lan horietan murgiltzekoa.

      Zer ez den ETAren urrats hau

      Gure erabaki eta deialdi zehatza aipatu aurretik, azken egunotako espekulazio, espektatiba eta deklarazio ugariek sortu dezaketen nahasketagatik, ezinbesteko deritzogu aurrean dugun fase politikoa zer ez den zehaztea. Ez baita batere zuzena inor engaina dadin politiko profesionalen hitz-joko horiekin.

      Helburua ez da hamarkada luze bateko Espainiaratzea gidatu duen Ardanzak bere plan partzialean proposatzen duen &laqno;bakeratzea», are gutxiago &laqno;bakeratze» horri &laqno;itxura» politikoa ematea Ezker abertzalearen &laqno;kontzientzia lasaigarri» edo autoengainurako. Hori baino ausartago izan beharra dago une honetan. Egoera guztiz berri baten aurrean baikaude.

      Gizartea engainatzen arituko dira Euskadi Ta Askatasunaren urrats sakon honen atzean &laqno;normalizazioa», egungo markoaren egonkortzea eta ezer aldatu gabeko bake faltsua bilatzen dutenak. Euskal Herriko arazoa ETAk etsaiari borroka armatuaren bidez aurre agiten diola bezain gezurra izango da hori. Ez da bakerik izango ez bada Euskal Herriaren eskubideetan oinarritzen. Hori baita bizi dugun gatazkaren muina, koxka edo mamia: Euskal Herriari bere eskubideak ukatzen zaizkiola, ez garela geure buruaren jabe gizartea nahi dugun moduan antolatzeko.

      ETAk bere urrats nagusia egin du, besteri da orain hor sortzen den tartean aurrera egitea, eta ausartki gainera. Esan dugu arestian, ez da epelkeria eta kalkulu egoista edota partidistetarako garaia: Euskal Herria dugu irabazteko.

       Adierazpena

      Horiek guztiak kontuan harturik, ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak honako adierazpen publikoa egiten du euskal gizartearen aurrean eta oro har nazioarteko iritzi publikoa jakinaren gainean jarriz.

      1.- Euskal Herriaren eraikuntzan herritar guztion lana eta esfortzua ezinbestekoa izanik ere, orain arte Ezker abertzaleak soilik erantzun diola jarrera argi eta sakon batez zeregin horri. Bide luze, gogor eta korapilatsua ibili behar izan dugu gaur arte, zeregin horren ordainetan, errepresioa eta era guztitako erasoak jasanez. Baina egindako lan horri esker ere gaur egun aukera paregabea ikusten dugu aurrerantzean Euskal Herriaren independentzia bidean ardura eta esfortzuak konpartitu eta elkarlanerako adostasun eta bilgune berriak sor daitezen. ETAk, bere aldetik, adostasunezko bide berri horretan aurrera egiteko erabateko borondatea duela agertarazi nahi du eta hein bereko borondate eta esfortzuen gauzapenaren beha dagoela jakinarazten du.

      2.- Zentzu horretan, ETAk dei publikoa egiten die alderdi politiko, sindikatu, kultur bilgune, gizarte antolakunde eta oro har euskal herritarrei aurrean dugun fase politikoa subiranotasunarena izan dadin beharrezko konpromisoak hartu eta urrats zehatzak egin ditzaten.

      3.- Urrats guztien artean garrantzirik haundienekoa gaur egungo zatiketa instituzional eta estatuzkoa gainditzeko bidean jartzea izanen da; horretarako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa bere baitan hartuko dituen instituzio egitura bakar eta subiranoa sortzeko urrats eraginkorrak gaurdanik eginez.

      4.- Helburu hori bera duten indar politiko eta sozial desberdinek bat eginez gero, instituzio-egitura gailen horren sorrera-bidean, gaur egungo zatiketa instituzional eta estatuzkoak gainditzeko asmoa duen ekimen oro txalotu, babestu eta bultzatzeko konpromiso publikoa hartzen du Euskadi Ta Askatasunak. Eta hartara, beste hainbeste konpromiso, esfortzu eta ahalegin eskatzen orain arte zeregin horretatik urrun edota hurbiltzeko orduan uzkur eta epel ibili direnei.

      5.- Euskal Herriaren eskubide demokratiko eta eraikuntzaren aldeko indarrei oinarrizko eta gutxiengo beharren inguruan hitzarmenak lotu eta dinamikak eragin behar dituzte.

      6.- Euskal Herria eta Espainia zein Frantziaren herri proiektuek aurrez aurre jotzen dute. Mende luzetako gatazkak argiro erakutsi digu euskal herritarroi tarteko lekurik ez dagoela. Euskal herritar gisa aurrera egin edo Espainia eta Frantziaren menpean herri gisa desagertu. Beraz, ezinbesteko deritzogu goiko punduekin adostasuna agertu duten guztiek Espainia eta Frantziaren asmo menperatzaileak defenditzen eta bultzaten dituztenekiko loturak eta hitzarmenak haustea. Subiranotasunaren aldeko apustu argi eta erabatekoa egiteko garaia da. Euskal Herria desagertaraztea helburu duten indar politiko horiekiko akordio eta loturak hausteko garaia da. Ondorioz, Espainiaren eta Frantziaren eraikuntza eta Euskal Herriaren deuseztapena helburu duten alderdi, egitura instituzional eta errepresiozkoekin dagoen hitzarmen oro bertan behera uzteko garaia da.

      7.- Euskal Herriaren egoera, dauden aukerak eta subiranotasunerantz abiatzeko nahia kontuan hartuz Euskadi Ta Askatasunak bere aldetik mugarik gabeko eraso armatuen etenaldi orokor bati ekiteko asmoa jakinarazten du, bere zereginak ohizko hornitze-lan, egituren mantentze eta balizko enfrentamenduetan defenditzeko eskubidera soil-soilik murriztuz. Su-eten orokor horrek 1998ko Irailaren 18an izanen du hasiera.

      8.- Guztion helburua Euskal Herriaren errealitatea, eskubideak eta askatasunean hartutako erabakiak errespetatuak izatea delarik, eta Euskadi Ta Askatasunaren helburu eta desioa euskal gizarteak Euskal Herriaren independentzia eskuratzearen ardura osoki bere gain har dezan izanik, jasoko dugun erantzuna egindako urratsaren tamaina eta neurri berekoa izango delako esperantzaz beterik, jakinarazi nahi dugu une honetatik aurrerako gertakizun eta urratsek aginduko dutela etenaldi horren behin betikotasuna.

      GORA EUSKADI ASKATUTA!

      GORA EUSKADI SOZIALISTA!

      JO TA KE INDEPENDIENTZIA LORTU ARTE!

      Euskal Herrian, 1998ko irailean
      Euskadi Ta Askatasuna
      ETA.

      Aurkibidea home